Lizarrerria Polikiroldegian Irrien lagunak aritu dira, euskararen aldeko mezua zabaltzen. Porrotx, Pirritx, Marimotots eta gainontzeko lagunak ikustera umea asko hurbildu dira eta, egia esanda, oso pozik jarraitu dute ikuskizun osoa, hurrengo bideoan ikus daitekeenez:
Bukatzeko, Porrotxi elkarrizketa egin diogu eta hemen duzue hitzez hitz:
Kaixo, Porrotx, zer moduz zaude?
Ongi ongi marimondongi!! Poz pozik Lizarraldeko lagunekin hizketan ari naizelako.
Txori txiki batek erran digu iaz etorri zinetela Lizarrara, aurten ere etorri zarete... aizu, egia al da urtero etorriko zaretela?
Behin lagunak eginez gero bizikletan ibiltzen ikastea bezalakoa da, betirako izaten da!! Elkarren ondoan pozik gauden bitartean jarrai dezala abenturak!! Abenturak bizitzea urteak betetzea bezain garrantzitsua baita, beraz, bizi dezagun elkarrekin abentura bat urtean behin gutxienez!!
Lizarrako haur batek jakin nahi du ea noizbait triste jartzen zaren, izan ere beti pozik ikusten zaitu.
Gu triste ere jartzen gara, negar ere egiten dugu, haserretu ere bai batzutan ondoren konpontzeko baina egia da pozik eta zoriontsu bizi garela. Tristurak eta penak partekatzean datza sekretua. Dena goxoagoa da beti horrela.
Eta zer egiten duzu triste zaudenean?
Baldin banago triste jaten dut alpiste!! Kar, kar!! Triste nagoenean zergatia bilatzen ahalegintzen naiz eta horri konponbidea ematen alaitasuna berreskuratzeko. Konponketa erreza ez bada, lehen esan bezala, min hori partekatzen saiatzen naiz, poztasunak bezala, eta lehenago arinduko zait horrela. Lagun onak dauzkat eta horrek asko errazten du dena.
Lehengo txori berberak –esamesak oso gustuko ditu, ohartuko zinen!- erran digu Pirritxek baduela berri onen bat... Konta dezakezu?
Haurdun dago eta gainera bikiak ditu sabelean… Aupa!! Bi pailazo gehiago Euskal Herrian!! Denok lagundu beharko diegu haurtxoak hazten, nik titia emango diet, goxo-goxoa!!
Eta zure adiskideei buruz galdezka hasi garenez, egia al da Marimototsi honela deitzen diozuela motoan ibiltzea gustatzen zaiolako? Bai? Ez? Zergatik?
Motoan ibiltzea ez du gustukoa, txoriflauta!! Putzuetan salto egitea atsegin du eta ondoan gaudenok zipriztintzea. Mari Motots izena du bi motots eder dituelako nahiz eta nik esan berari letxugak direla.
Zerbait gehitu nahi al diezu Lizarrako haurrei?
Bai, guk koloreetako mundua nahi dugu, animalia, landare, herri eta hizkuntza askorekin eta munduari euskaldunok gure kolorea eman behar diogu… euskararena!! Aupa Euskal Irria!!
Urte asko darama Joxe Mari Agirretxek pailazo lanbidean. Pailazoaren margoen eta jantzien azpian dagoen hezur eta haragizko pertsonari ere galderak luzatu dizkiogu: 
Zure taldearen bilakaeraz zerbait konta diezagukezu? (Lehen Takolo, Pirritx eta Porrotx; gero Pirritx eta Porrotx; orain Pirritx Porrotx eta Marimotots)
Orain 22 urte hasi ginen Lasarte-Orian euskara modu alai batean kalera atera nahian. Euskara eta alaitasuna ziren gure ezaugarriak eta urteekin balore aurrerakoien lanketa gehitu zaie bi helburu horiei. Partaideak aldatu dira bidean baina ametsei eutsi diegu eta aurrerantzean hala izatea nahi genuke.
Zu ere guraso zarela jakin dugu arestian irakurri dugun berri batean, hezkuntza deialdiko batzar irekian parte hartzen duzula eta... Konta dezakezu zerbait honetaz?
Euskal Herria, euskara, baloreak, gaitasunak… Heziketa denon ardura da. Eskolak badu bere garrantzia baita etxeak eta kaleak ere. Denoi dagokigu guzti honen protagonista izatea auzolanaren bidez eta administrazio publikoak herritarron eskubideak eta egitasmoak bermatu eta bultzatu behar ditu. Delegazionismoa alboratu eta dagokigun ardura aintzat hartuz pistinara egin behar dugu salto.
Nola bizi du / dute zure umeak / umeek aitaren lanbidea?
Pailazogintza ederra da. Ilusioz beteriko jarduera da gurea eta oso kutsakorra gainera, eta beraz, polita da koloreetako mundu hau gertutik bizitzea. Pailazogintzak ere ordu asko eskatzen ditu, dedikazio handia, asteburuak… Bere sakrifizioa du, alde guztiak kontutan hartu eta oreka bilatu behar da, baina hori lanbide, ofizio eta afizio guztietan gertatzen da. Zalantzarik gabe, balantzea baikorra da.
Gai librean, zerbait gehitu nahi duzu (zeuri bururatzen zaizun galderaren bat edo)?
Garai gogorrak bezain itxaropentsuak bizi ditugu Euskal Herrian egun. Esango nuke, guardasola beltz baten pean bizi garela aspaldi honetan baina ostadarra hor dugu zain. Gutako bakoitzari dagokigu, pintzela eskuetan, koloreetako Nafarroa, Euskal Herria eta mundua margotzea. Euskaratik eta euskaraz, Maialenek BECen esan zuen bezala. Munduan gure tokia hartu behar dugu, askatasunean eta bakean bizitzeko.








